Aiako Harria Mendi Martxa Lasterketa

Informazioa

Arritxulo Aterpetxea Oiartzun eta Lesaka lotzen dituen errepidean kokatua dago, Aiako Harria natura parkean, Aritxulegiko lepotik metro gutxira. Aterpetxean ibilgailuentzako doako aparkalekua, jatetxea, tamaina ezberdineko sei logela eta dutxak aurki ditzake bisitariak. Bertan hasi eta amaituko da gure mendi martxa.

Modalitateak:

Parte hartzeko bi modu eskaintzen ditugu, ibilaldi neurtua eta mendi-lasterketa. Bi kasuetan ibilbide bera izango da.

  • Ibilaldi neurtua: Proposatzen dugun lehenengo aukera lehiarik gabeko ibilaldi neurtua egitea da. Banaka edo taldeka, norberak bere erritmoan ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. COVID-19ari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien arabera, taldekide kopurua mugatua izan daiteke. Pizgarri modura, sari berezi bat emango diogu ibilbidea egiteko guk proposatuko dugun denboratik gertuen gelditzen den parte-hartzaile edo taldeari.


 

  • Mendi-lasterketa: Erronka handiago baten bila dabiltzanentzako, ibilbide neurtuaren bide bera eginez, mendi-korrikalariek euren burua probatzeko aukera izango dute. Lasterketaren irteera ibilbide neurtuarena baino lehenago izango da, eta ibilbidea egiteko denborarik gutxien behar duena izango da irabazlea.